+ ATHLETIC-EK 2. MAILAN EGON BEHARKO LUKE.

ATHLETIC PAINT TAULA2

EGIN KLIK ONDO IKUSTEKO.

Ni, berez, ez naiz futbolzale amorratua. Jarraitu, bai, jarraitzen ditut futbol emaitzen gorabeherak. Euskalduna izaki, euskal taldeak gogoko ditut, jakina. Talde nagusienen artean, Athletic Club Bilbao dut talde gogokoena. Beraz, baiezta dezaket ez naizela futbol aditua, ezta futbolzalea ere, baina bai Athletic zalea.

Athletic gogokoen izateko arrazoi berak, bultzatzen nau aurrean duzun artikulu hau idaztera. Arrazoia zera da; bere fitxaketa politika. Jakingo duzunez, Athletic-en EHko jokalariak (eta ingurukoak, gaztetatik EHrekin harremana izan badute) soilik jolasten dira.

Politika hau ez du beste inongo talderik jarraitzen Espainiako ligan, ezta Europa mailan ere (profesionalek bederen).

Bosman legea indarrean jarri aurretik, Europako taldeek beren herrialdez kanpoko 4 jokalari soilik fitxatu zitzaketen, gehien jota. Bosman legea indarrean jarri zenetik, ordea, Europako edozein taldek, Europar Batasuneko edozein jokalari izan dezake taldeko plantillan (inolako mugarik gabe). Beraz, berdin dio jokalarien nazionalitateak, Europar Batasuneko kide den edozein herrialdetakoa baldin bada.

Hortaz, Athletic-en duen politikak desabantaila handia da beste taldeen aldean. Desanbantaila honen balioa ez da behar bezala neurtzen, baina.

 

Gutxietsitako meritua.

Ezkerrean duzun taulan, desproportzio hau zer nolakoa den ageriago ikus daiteke. Izan ere, EHko biztanleriak 3 milioik osatzen du eta Espainiakoak 46 (x15). Europar Batasunak 500 milioi ditu, hots, 160 bider handiago!!

 

Horretaz gain, taldeek munduan zehar topatzen dituzten jokalariak jasotzen dituzte. Kasu honetan badago mugarik, baina kontuan hartu behar dugu Hego Amerika eta Afrikatik jokalari andana jolasten dutela Espainiar eta Europar ligetan. Hego Amerika eta Afrikan 1700 milioi dago eta mundu mailan 7000 milioi.

 

Espainiako gaitasun ekonomikoa dela eta (krisiak gora behera), Espainiaz kanpoko jokalari trebeenetarikoak Espainiako ligan aritzen dira. Egia da beste lehiaketa indartsuek (Ingalaterrako Premier, Alemaniako Bundesliga edo Italiako Serie A) jokalari trebeenak ere bereganatzen dituztela. Baina, Hego Amerika eta Afrikako jokalariek, hala nola, Europa Ekialdekoek Athletic-en lehiakideak indartzen ditu Espainiako Ligan edo Europa mailako txapelketan.

Datuak kontuan hartuta, guztiz izugarria da Athletic-ek erdiesten duena!!

Athletic zaleek, askotan, Athletic gainontzeko talde bat balitz bezala baloratzen dute.

Futbolari, entrenatzaile, kazetari eta abarrek egiten dituzten adierazpenetan ez dute egoera berezi hau askotan aipatzen. Gainontzeko taldeek ez dute maiz aipatzen euren adierazpenetan (futbolarien adierazpenak, oro har, oso sinplistak eta berdintsuak dira: “es un rival duro”, “el fútbol es fútbol”, “es un equipo fuerte”…).

 

Horrelako talde bat Madrilen arituko balitz etengabe gogoraraziko ligukete Madril aldeko hedabideek. Athletic-en politika aipatzekotan, bitxikeria balitz bezala soilik aipatzen dute, politika beraren meritua gutxietsiz.

 

Aurretik azaldutakoagatik, nire ustez, Athletic-ek bigarren mailan egon beharko luke. Ez nahastu baina, hau ez baita nire desioa, logikak pentsarazten didana baizik. Antzina bezala, Espainiako Ligan inongo atzerritarrik egongo ez balitz, talde txiki bat (demagun, Eibar, zerbait esatearren), Espainiako ligan txapeldun izatea bezalakoa litzateke.

Athletic-ek 1. mailari EHko jokalariekin eustea guztiz izugarria da. Denboraldi bat, agian, ondo aritu daiteke, baina nola da posible urtez urte horrela jarraitzea? Txunditzekoa da benetan!! Itzela da!!

Badira urte asko Europako futbol taldeek beren mugaz kanpoko jokalariak fitxatzen dituztenetik. 80 hamarkadatik, jada, futbola erabat profesionalizatu egin da. Hala ere, 1984ko Liga Txapelketa lortu zuenetik Athletic-ek finaletara heldu eta Europako ligetan aritzea lortu du!

◊ Politika honi eusteko arrazoiak eta haren aldeko argudioak.

Beraz, zer egin? Orain arte Athletic-ek lehen mailari eutsi dio beti. Zer gertatuko litzateke, ordea, bigarren mailara jaitsiko balitz? Lehenago edo beranduago, gerta daiteke, zoritxarrez.

Politika honi eutsi behar al zaio? Askok eta askok politika honen aurka azaltzen dira. Baina, zein da, ba, talde baten helburua zaleentzat?  Negozioa izatea, errentagarritasuna lortzea, edozein enpresak bezala? Zentzua al du enpresa hutsa den eta gutxi batzuen interesak ordezkatzen dituen zale amorratu eta defendatzailea izatea?

Normalean, gure herri, hiri edo eskualdeko taldeko jarraitzale gara (“txaketero” hutsa ez bagara behintzat). Espainia aldean, Rafa Nadal, Pau Gasol edo Fernando Alonsoren jarraitzaile sutsuak dira, nahiz eta atzerriko talde batean aritu, soil-soilik espainiarrak direlako. Beraz, berdin dio gure taldeak emaitza onak lortzen baditu, nahiz eta ordezkatzen duten futbolariak atzerritarrak izan?

Bilbao Basket edo Laboral Baskonia taldeek (non, apenas dagoen jokalari euskaldunik) euskaldunak ordezkatzen dituzte? Talde hauek, gainera, urtez urte jokalariz edo izenez aldatzen dute, lekukotasunari inolako gertutasunik erakutsi gabe.

 

Imajinatzen al duzu futbol selekzioetan edonor jokatzea? Ez al litzateke Munduko Txapelketa desbirtuatuko?

Ba, azken finean, gaur egungo kirol profesionalizatuan, futbolean batik bat, hori bera egiten da; hots, taldeek beren lurraldea ordezkatu baino, negozio pribatua ordezkatzen dute.  Futbol taldeek tokian tokiko izena mantentzen dute behintzat (txirrindularitzak edo saskibaloiak ez bezala, non talde askok enpresaren izena bera hartzen duen). Baina, profesionalizazio bortitza dela eta, futbol talde ugarik, nahiz eta jatorrizko izena mantendu, interes partikularrak baino ez dituzte errepresentatzen. Azaleko izena mantendu bai, baina sakonean bestelako zerbaiten alde aritzen dira.

 

Harro egoteko modukoa.

Hortaz, aurretik aipatutako guztiagatik, baiezta daiteke, Athletic-ek baduela gainontzeko taldeek ez dutena. Zaleek, behar den bezala baloratu beharko lukete, bere osotasunean aintzatzetsi (errekonozitu). Jokalariak maitatu eta txalotu behar dira, ez soilik ondo aritzean (beste taldeetan egiten den bezala, non “qué grande eres” izatetik “mercenario” izatera partidu bakar batzuk ez dauden). Exijentzia maila eta anbizioa altua izan behar da, baina norabidea eta errespetua galdu gabe.

 

Jokalariei, bestalde, gogorarazi behar zaie erronka berezia burutzen dutela. Euren balioak meritu ikaragarria duela. Eta jokalari onak izanik, talde arrakastatsuek fitxatzeko eskaintza egitean, ez dezatela Athletic besterik gabe utzi, beste edozein talde bat izango bailitzan. Bere lana, ez da bakarrik ondo jokatzea, gure herria, nortasuna eta izaera ordezkatzea baizik.

Sakonean ulertu behar dute ereserkian (himnoan) esaten dena: “herritik jaio zinalako, maite zaitu herriak“.

Athletic, galdu edo irabazi, BETI ZUREKIN!!!

demagun=suposa dezagun=supongamos

sutsu=su+tsu⇒su asko duena= fogoso, ardiente, apasionado.

___________________________________________________________________________________________________________

Publizitatea Athletic-en kamisetan. Ados al zaude?

 

Ohartu al zara, Amerikako Estatu Batuetan, hots, kapitalismoaren ikur nagusienean, kirol taldeek ez dutela publizitaterik? Bota begirada NBA,  NFL (amerikar futbola), NHL (hockey) eta MLB (beisbol) taldeetako edozein elastikora. Ez dago publizitatearen arrastorik. Ezta unibertsitateko taldeetan ere.

Estadioetan ere, publizitatea ezartzerakoan, ez dute edozein modutan egiten. Estetika zaintzeko joera dute.

Europan eta Hego Amerikan, futbol taldeek publizitatea nonahi dute; bularraldean, atzealdean, praketan…

Ez al da itsusia publizitatea edozein tokitan ikustea?

Prestigio handiko txapelketetan, hala nola, Tenisekoetan, Munduko Kopan, Olinpiadeetan edo Europako Champions League-en ere nolabaiteko arreta jartzen dute arlo honetan. Publizitatea bai, baina gehiegi kargatu gabe.

 

Gurera etorriz, Athletic-en egoeraz hausnarketa egin dezagun. Orain dela urte gutxi arte, Athletic-ek ez zuen sekula publizitaterik izan kamisetan. “Petronor” heldu arte, gutxinaka hasi ziren sartzen; kategoria baxuagokoetan lehen, “Bizkaia” edo “Euskadi” itsatsiz (zaleak gutxinaka ohitzen joateko edo).

Errealak 80 hamarkada bukaeran hasi zen eramaten.

Ez al da itsusia, baina? Ez al du talderaren irudia zikintzen? Leku bat ordezkatzen duen ikur batek publizitatea eramateak ez lituzke zaleak haserretu beharko?

Esan ohi digute ezinbesteko diru iturri dela. AEBtako adibidea ikusita, ostera, agian kudeaketa arazoa izan daiteke. Eta, beharbada, zaleen kontzientzia falta (batzuek berdin erosten dute kamiseta, publizitatearekin zein publizitaterik gabe).

Edonola ere, Athletic bezalako talde “berezi” batek, agian, kontu handiagoaz jardun beharko luke honetan. Zaleak bere taldeaz harro sentitzeko kontua izan liteke. Prestigio handiagoa izateko bide bat, jokalarien jatorriaren aferaren antzera. Ez al duzu uste?

NFL-Previewnbamlb

 

Publizitaterik ez talde kiroletan Amerikako Estatu Batu kapitalistetan.



Website Free Tracking

Stats Of Website

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu